Portal de tu Ciudad Alta

17/04/2011 – 25/04/2011

Korrika

📍 Euskadi

🎟️ Entrada libre

Gutxi falta da, astebete inguru, 17. Korrikari hasiera emango dioten lehen urratsak egiteko. Trebiñun emango dira lehen pauso horiek, poliki herri barruan eta arinago kanpoaldean, tipi-tapa, tipi-tapa, Donostiara heldu arte, hamar egun geroago eta 2.100 kilometro baino gehiago eginda.


Euskaltzaindia omenduko du 17. edizio honek, gure hizkuntza berreskuratzen eta euskara batua sortzen egindako lana eskertu nahian. Bi mila kilometro baino gehiago egingo dituzte milaka eta milaka euskalakarik euskararen akademiaren jarduna omentzen. Euskalakari... beste lan bat Euskaltzaindiarentzat, hitz berri hori onargarria den ala ez erabakitzen.


Euskalakariok! Begiratu zein egunetan eta ordutan pasatuko den Korrika 17 zuen herritik, bildu lagunak, jantzi oinetako erosoak eta egin kilometroak euskararen alde! Ez zaizue damutuko, Korrikan parte hartzea esperientzia ahaztezina baita.







Euskaltzaindia ere euskalakari







Hala aitortu zuen Andres Urrutia euskaltzainburuak Korrika 17k Euskaltzaindiari egindako omenaldi ekitaldiaren baitan eskerrak ematean. Donostiako Kursaalen jaso zuen Euskaltzaindiak euskal gizartearen omenaldia pasa den martxoaren 25ean eta bertan izan ziren, besteak beste, Korrika eta AEK-ko arduradunak, Euskaltzaindiko kideak eta Mondragon Unibertsitateko ordezkaritza zabal bat eta hainbat alderdi politiko eta sindikatuetako ordezkariak.

Omenaldi ekitaldia Hainbat gazte ausart dokumentalaren emanaldiarekin hasi zen. Euskaltzaindiaren ehun urtetik gorako historia biltzen da bertan, Euskaltzaindiko bertako kideen eta euskalduntze eta alfabetatze arloko eragile askoren hitzak jasota. Halaber, ez dira falta euren jarduna euskaraz garatzen duten gizarte eta kultura alorreko beste eragile batzuen iritziak ere. Guztira, 30 testigantza baino gehiago. Mondragon Unibertsitateko Iker Ugalde, Ekaitz Herrera eta Alexander Silva ikasle gazteek egin dute Euskaltzaindia omentzeko filma, Aitor Zuberogoitia eta Iban del Campo irakasleen gidaritzapean.

Dokumentalaren proiekzioaren ostean, banan-banan igo ziren euskaltzainak oholtzara Korrika 17ren oroigarria jasotzera, lekukoaren zuri-beltzezko argazki bat, 1. Korrikan ateratakoa, hain zuzen ere. Andres Urrutiak jaso zuen, bestalde, oroigarri nagusia Euskaltzaindiaren izenean.

Hainbat gazte ausart dokumentalaren DVDa salgai jarriko da Gara egunkariarekin batera apirilaren 9, 10, 16 eta 17an, hau da, Korrika martxan ibiliko den bi asteburuetan. DVDan, dokumentalaz gain, Korrika 17ren bideoa eta Gosek egindako Euskalakari kantaren bideoklipa ere sartzen dira.





Alderdi politiko eta sindikatuen atxikimendua


Ezkerretik eskuinera: Mertxe Mugika (AEK), Garbiñe Mendizabal (EAJ), Pello Urizar (EA), Xabi Soto (Alternatiba), Jon Abril (Aralar), Mertxe Colina (AB), Arantza Gonzalez (EB), Karmele Aierbe (Ezker Abertzalea) eta Edurne Brouard (Korrika 17)


Ezkerretik eskuinera: Mertxe Mugika (AEK), Jon Moñux (STEE-EILAS), Eneritz Otamendi (EHNE), Jabi Garnika (LAB), Patxi Agirre (Hiru), Amaia Muñoz (ELA) eta Edurne Brouard (Korrika 17)
Korrika gero eta atxikimendu gehiago jasotzen ari da, eta 17. edizioa ez da salbuespena izango. Trebiñuko lehen urratsetatik Donostiako azkenekoetara milaka eta milaka euskaltzale eta euskalakarirena jasoko du, milaka modu ezberdinetan. Batzuek kilometroak erosi eta korrika egingo dute, hankak hain arin ez dituztenek txaloka hartuko dute bide ertzetik, beste batzuk antolaketan ibiliko dira dena ondo atera dadin, milaka eta milaka Korrika Laguntzaileak edo Korrika Lagunak (izango) dira, hainbatek Euskalaklip eta Euskalaketa lehiaketetan hartu(ko) dute parte... Eta gehienek aipatutako modu bat baino gehiago aukeratuko du Korrika 17ri bere atxikimendua adierazteko.

Ohikoa da alderdi politiko eta sindikatuek ere euren atxikimendua adieraztea. Horrela egin dute edizio honetan ere, eta argazki bateratua atera dute Korrika 17 eta AEK-ko arduradunekin. Euskaltzaindiari eskainitako omenaldi ekitaldiak eman zien aukera profitatu zuten elkartu eta atxikimendua erakusteko, Korrika 17ren petoa soinean.


Jarraitu Korrika 17 Euskal Herrian zehar!


17. Korrikak jarraipen handia izango du komunikabideen aldetik. Karreran bertan, AEK-ko komunikazio taldeko hiru kazetariz gain, beste zenbait mediotako kazetariak ere ibiliko dira ekitaldia zuzenean jarraitu eta bizi ahal izateko. Prentsa idatzitik, Berria, Gara eta Noticias taldekoak; Info 7 irratiak, Iparraldeko Euskal Irratiek eta Onda Vascak ere bidaliko dituzte euren kideak (beste irrati askok zuzeneko konexioak eskainiko dituzte karreran ibiliko diren AEK-ko kazetarien lanari esker); eta Hamaika TBko (ordubeteko saioa eskainiko du gauero kate honek), Kanaldude telebistako eta ETB-3ko kazetariak ere bertan ibiliko dira. Horrez gain, Korrika 17ren web-gunetik lehenengo aldiz saiatuko dira zuzeneko konexioak egiten, streaming delakoaren bidez. Aitzakiarik ez, beraz, karreran gertatzen denaren berri jakiteko.